GIZALABAK

Colette Maze, 109 urterekin zendu zen pianista

Miren Mindegia Petrirena 2025ko mar. 18a, 19:13

Bakarne Atxukarrok #Gizalaba berri bat ekarri digu gaurkoan: mende oso bat baino gehiago bizi izan zen pianistaren istorioa

Piano-jole frantsesa izan zen, 109 urte bete arte pianoa jotzeagatik historiara pasa zena.

Parisen jaio zen 1914an, eta lau urte besterik ez zuen pianoa jotzen hasi zenean, goiko pisuan bizi ziren bizilagunak imitatuz, etxean piano bat baitzuten. 

Bere hitzetan, musika gurasoen heziketa zorrotzetik ihes egiteko tresna bat zen. Horrez gain, dirudienez, pianoa jotzeak arnasa hartzen laguntzen zion asma-atakeren bat jasaten zuenean.

Hamabost urterekin, Parisko École Normale de Musique-n sartu zen. Eta ikasketak amaitu zituenean, piano klaseak ematen eta piano-jole laguntzaile izaten jardun zuen. Horretan ibili zen bere bizitza osoan.

Baina 84 urte bete arte ez zuen bere lehen diskoa grabatu. Semeak animatu zuen egitera. Argi dago hori ez dela oso adin ohikoa diskoetxeen munduan debuta egiteko. Baina gauza ona izan zen,  gerora, beste sei disko  grabatu baitzituen.

Azkenekoa, 2023an, 109 urterekin. Hilabete batzuk geroago hil zen, guztira, 104 urtez pianista izan ondoren.

Hil baino lehentxeago, pianoa lau orduz jotzen jarraitzen zuen egunero, bere oroimenari eusteko. Bere behatzak indartsu eta arin mantentzeko errutinen artean bere eguneroko lau orduko piano joaldi hori zegoen, baita yoga eta dantza klaseak ere, sasoian jarraitzeko aukera ematen ziotenak. Eta bistan dago helburua lortu zuela eta sasoi bete- betean bizi izan zela  hil arte.

Bere autore gogokoenen artean, behin eta berriz interpretatzea gustatzen zitzaionak, garaikideak zeuden, hala nola Astor Piazzola argentinarra, edo klasikoak, hala nola Franz Liszt austriarra edo Maurice Ravel, Gabriel Fauré eta Debussy frantziarrak.

Hala ere, nahiz eta piano-jotzaile bikaina izan eta Frantziako piano-jotzaile ibilbide luzeena  izateagatik historiara pasatu, ez zuen inoiz zuzeneko kontzerturik eman. Bitxia, ezta?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!