Genero eta sexu disidentzien jardunaldia, martxoa amaitzeko Katakraken

Miren Mindegia Petrirena 2025ko mar. 18a, 19:10

'Drig Drag Drug. Hau dena aldatzea denon kontua da' izenburupean, disidentzia erdigunera ekartzea izanen du helburu Katakrak ikerketa guneak antolatutako jardunaldiak martxoaren 27an, 28an eta 29an

Martxoaren 27an, 28an eta 29an "bizi gaituen sistema hetero-normatiboa hackeatzera" datorren jardunaldia antolatu du Katakrak ikerketa guneak, Drig Drag Drug. Hau dena aldatzea denon kontua da izenburupean eginen dena. Duela bi urte egindako Transfeminismoa denon kontua da jardunaldiari segida emateko asmoz antolatu da, eta etorkizunera begira ere jarraipena emanen zaiola iragarri du Izaskun Mata Katakrakeko kideak. 

Heldu den astean, martxoaren 27an, 28an eta 29an izanen dira jardunaldia osatuko duten saio guztiak, tartean hitzaldiak, mahai-inguruak, performanceak eta bestelako ekitaldiak, besteak beste bingoa eta pintxaldiak, jai eremua ere badelako errebindikaziorako gunea. Antolatzaileek argitu bezala, "gizarte sistema hetero-binario eta kapitalista honetan arraroak sentitzen garenentzako, dena aldatzea nahi dugunentzako" antolatu da jardunaldia. 

Martxoaren 27an (osteguna) izanen da lehenengo saioa. Arratsaldeko 19:00etan, Xabier Susperregik Francis liburua aurkeztuko du Julen Zabala EGHAM-eko kide ohiarekin batera. Matak nabarmendu bezala, Euskal Herriko LGTBIQ+ borrokan egondako erreferentzia nagusietako bat berreskuratzen du liburuak. 

Ostiralean euskarazko itzulpengintza jarriko da arreta Terminologia disidentea mahai-inguruan. 19:00etatik aurrera, Danele Sarriugartek, Fermintxo Zabalzak eta Irati Bakaikoak euskarak lengoaia disidentea sortzeko duen erronkaren inguruan eztabaidatuko dute. Honen ondotik, 21:30ean, Sarriugartek berak Miren Narbaiza musikariarekin sortutako Poperra, afterra eta utopia emanaldia eskainiko du. 

Larunbatean performacearen txanda izanen da. Eguerdiko 13:00etan, Drag King saioa emanen da Chicazos kolektiboaren eskutik. Bingo musikala, tapeoa eta bermuta egonen dira. Arratsaldean, La muerte de la comedia stand up bakarrizketa saioaren txanda izanen da, 19:00etan. Eta jardunaldiari amaiera emateko, 22:30etan Aitzina Tabernan Plazeratu koletiboko eta Gordas Pimponeraseko DJ-ak egonen dira. 

Sarreren inguruko informazio eta xehetasun guztiak Katakraken webgunean bertan aurkitu daitezke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!