Torturaren bost biktima gehiago, ofizialki aitortuak

Euskalerria Irratia 2025ko mar. 17a, 08:48

Estatuaren beste bost biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak. Motibazio politikoko biktima izan dira Aitortza eta Erreparazio batzordearen arabera ere Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez. Guztiak torturen biktima dira.

  • Floren Beraza 1981ean bi aldiz atxilotu eta torturatu zuten, lehena Polizia Nazionalak eta hamar egun geroago Guardia Zibilak.
  • Txaro Buñuel, Polizia Nazionalak 1985ean atxilotu zuen Tuteran. Atxiloketa-aldian tratu txarrak jasan zituen, hala nola kolpeak, irainak eta mehatxuak.
  • Cecilio Ruiz, Polizia Nazionalak atxilotu zuen 1990eko azaroaren 20an, Tafallan. Inkomunikazio-aldian tortura saioak jasan zituen, hala nola itolarria plastikozko poltsa batekin, etengabeko kolpeak buruan eta hainbat kontusio tripa eta barrabiletan. Etengabeko irainak eta umiliazioak jasan behar izan zituen, baita pistola batekin tiro egiteko simulazioa ere, edo elektrodoak jarri eta deskargak egiteko mehatxua.
  • Patricia Perales, Guardia Zibilak atxilotu zuen 2005ean, eta hiru egun eman zituen inkomunikazio-erregimenean. Kuartel honetan galdeketak egin zizkioten behin eta berriz ezegonkortze pertsonaleko eta intimidazioko giroan, eta mehatxu eta oihu ugari jaso zituen.
  • Izaskun Juarez Goñi, Polizia Nazionalak 2010ean atxilotu zuen, eta inkomunikazio-aldiak iraun zuen bost egunetan kolpeak, irainak eta mehatxuak jaso zituen.

Bost biktima hauen errekonozimenduarekin, 53 pertsona aitortu dituzte   indarkeria politikoaren biktima bezala Foru Lege honen esparruan. Guztira 149 eskaera erregistratu dira Egiari Zor eta Torturatuen Sarean erabiltzen dituzten datuen arabera.

Errekonozimendu hauek 16/2019 Foru Legearen baitan sortutako Aitortza eta Erreparazio Batzordeak eman ditu. Batzorde honen helburua da Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimei aitortza eta erreparazioa ematea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!