Uztaileko zita ari da forma hartzen. Azken Hatortxu Rock ari da gorputza hartzen. Eta ostegun honetan gurekin uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan eginen dugun “agur” festa erraldoi horretan izanen diren beste 22 talderen berri ematera gatoz.
Hatortxu badoala iragarri genuenetik ideia batekin ari gara lanean. Jaialdi honek izan duen ibilbidea kontuan hartuta, erdietsi dituen lorpenak ahaztu gabe, eta oraindik errepresaliatu politikoen auziari erabateko konponbidea emateko urratsak falta direla ahaztu gabe, behar bezalako amaiera ematea elkartasun jaialdiari.
Horretarako, eszenatoki gainean eskaintza berezi bat aurkezteko buru belarri gabiltza. Eta horren eredu dira gaurkoan aurkezten ditugun 22 izenak: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servoum, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio eta Kaotiko.
Guzti hauekin, dagoeneko, 35 izen baditugu. Izan ere, urtea amaitzearekin batera lehen lagin bat aurreratu genuen: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos y Betagarri. Eta otsailean Euskal Herriko hiru talderen itzuleraren berri ere eman genuen: Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender.
100 talde inguru
Hauekin guztiekin, baina, kartel osoaren heren bat baino ez dugu osatzen. Izan ere, uztaileko azken asteburuan, eta berriz ere diogu, Hatortxu Rocki merezi duen amaiera eman asmoz, 100 talde inguru bilduko ditugu, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta guzti hauen senideen eskubideen alde berriz ere “Hator-hator neska-mutil etxera!” oihukatu asmoz.
Eszenatoki gaineko eskaintzaz gain, elkartasun jaialdia inguratuko duen guztian ere lanean ari gara: akanpalekua, bestelako programazioa… Datozen asteetan joanen gara xehetasun guztiak ematen, herritarren oroimenean geratuko diren egun batzuk marrazteko.
Sarrerak
Sarrerak salgai daude, www.hatortxurock.eus webgunean. Lau eguneko bonoa 105 euroko prezioan dago eta aurrerago ere egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera izanen da.