Pepeta Tolrá medium eta artista izan zen. Cambrilseko nekazari analfabeto bat izan zen, hirurogei urte arte. Orduan, Gerra Zibilean semea kontzentrazio-esparru batean hil zioten; lehenago beste seme bat galdu zuen, 14 urtekoa, gaixotasun baten eraginez. Beraz, tristuraren antidoto gisa marrazten eta idazten hasi zen.
Ez zuen inoiz saltzeko grinaz pintatu, eta ez zuen bere burua artistatzat hartu. Baina gaur egun bere lanak Macba, Prado edo Pompidou museoetako bildumen parte dira, besteak beste.
Cambrilsen jaio zen 1880. urtean. Bere bizitza landa-eremuan igaro zuen, bere herriko landa-lanetan eta ehun-fabrikan lan eginez. Ama, emaztea, nekazaria eta brodatzailea izan zen.
Lehen esan dugun bezala, bere bizitzak bira eman zuen hirurogei urterekin, eta handik aurrera, Pepeta ikuspenak esperimentatzen hasi zen, eta jasotzen zituen irudiak eta mezuak marrazkietan eta idatzietan islatzeko beharra sentitzen zuen. Berak esaten zuen "argi izakiak" zirela bere obrak diktatzen zizkiotenak.
Beharbada bere osaba batek iradoki zion ikusten eta sentitzen zuena margotzeko eta idazteko. Eta gauza ona izan zen, hasi zen geroztik alaitsuago sentitu baitzen. Semearen galera arinagoa egin zitzaion, berarekin eta bere anaiarekin hitz egitea posible zuen eta.
Bere ikuspenak ere oparitzen zituen, bizilagun asko bertaratzen baitziren beste mundukoekin konektatu ahal izateko eta heriotzaren ondoren haien maiteak nola zeuden jakiteko. Bere burua medium gisa definitzen hasi zen.
Ikuspen haiei esker ehun bat marrazki, 40 libreta inguru eta 18 urtez brodatutako hainbat mantoi egin zituen.
Prestakuntza artistikorik izan ez arren, Pepetak estilo oso pertsonal eta originala garatu zuen, sinbolo, irudi geometriko eta kolore ugaritasunagatik ezaguna. Estasian sartzen zen, eta esaten zuen goitik ematen zizkiotela pentsamenduak eta koloreak.
Bere marrazkiek eta idatziek elementu erlijiosoak, esoterikoak eta zientifikoak uztartzen zituzten.
Ez zituen marrazkiak zintzilikatzen, ezta erakusten edo saltzen ere. Oparitu egiten zituen. Baina, gaur egun, artistek eta ikertzaileek aztertu eta miretsi egiten dituzte, eta hainbat museotan ikus daitezke.
Pepeta Tolráren lana arte ameslariaren adierazpentzat hartzen da orain. 1956ko urriaren 16an hilda aurkitu zuten, eserita, gosaria eskuan zuela. 76 urte zituen.