Ireki da epea Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako XIX. Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Lehiaketan lanak aurkezteko. Sari bana emanen da euskarazko eta gaztelerazko kategorietan, 3.000 euroko zuzkidura izanen du eta liburua argitaratua izango da. Lan bakarra onartuko da egile eta modalitate bakoitzeko.
Ines Castiella Ateneko kideak argitu moduan, lehiaketaren xedea "literatur sormena sustatu eta hedatzea da eta egileak ezagutaraztea" da. 2005ean abiatu zen egitasmoa, nahiz eta euskarazko kategoria ez zen duela 10 urte arte ireki. Ordutik hona, hainbat izan dira sariketari esker euren lanak sarituak eta argitaratuak izan diren egileak, tartean Iban Garro eta Oihane Garmendia, aurten hurrenez-hurren Blas de Otero Poesia Saria eta Lauaxeta Saria irabazi dutenak.
Lanak apirilaren 30eko 14:00ak bitarte aurkezten ahalko dira, oso-osorik argitaratu gabeak izan behar dute, bai eta aurretik egindako beste ezein sariketan saririk eskuratu gabeak ere; halaber, ezinen da aldi berean parte hartu beste poesia-lehiaketa batean. Horrez gain, aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izanen dira aurkeztu. Gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertsoren artekoa.
Obrak aurkezteko bi modu daude: posta elektronikoz, ateneo@ateneonavarro.es helbidera erantsitako bi fitxategi bidaliz, bata egileari buruzko datuekin eta bestea obrarekin. Edo posta ziurtatuaren bidez Nafar Ateneoren helbidera (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña), mezuari bi artxibo hauek atxikiturik: bata, egileen datuekin eta bestea, obrarekin.
Jatorrizko lanak ikurritz eta plikako sistemaren arabera aurkeztu beharko dira. Azalean, izenburua eta ikurritza idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilea, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Horrekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu. Aurkeztutako lana ezin izanen da erretiratu lehiaketa egiten ari den bitartean.