Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz elkarteek 2024an Euskal Herriko zinema aretoetan proiektatutako filmen datuak bildu dituzte. Eta ondorio nagusietakoa da euskarak gero eta leku gutxiago duela. Zinema aretoetan 900 film estreinatu ziren eta Euskal Herrian ekoitzitako 15 pelikuletatik hiru baino ez ziren izan euskaraz sortuak: Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro, Negu kolektiboaren Negu hurbilak, eta David Perez Sañudoren Azken erromantikoak, eta azkeneko hau soilik Hegoaldean ikusi ahal izan da.
Hegoaldean 540 pelikula estreinatu dira eta beste 11 umeentzako pelikula itzuli dira, Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz laguntzari esker. Estreinaldi guztien %2,6a euskaraz, beraz. Iparraldean berriz, 520 film estreinatu ziren urte osoan, eta euskarazkoak %0,4 izan ziren.
Emanaldi kopuruei dagokionean, datuak ez dira hobeak. 200.000 proiekzio egin ziren, horietatik 1.800 euskaraz.
Pantailak Euskaraz kolektiboak ardura eta neurriak eskatu dizkie erakundeei. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari jada indarrean dituzten legeak bete ditzaten eskatu die. Euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa «sistematikoa» dela salatu du erakunde honek. Horregatik, lege propio baten beharra ikusten du.
Metropoli Forala saioan Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz elkarteko kidearekin hitz egin dugu.