Aurten, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Nafarroako Toki eta Lurralde Erakundeetako Berdintasun Teknikariek mezu argi bat helarazi nahi dute: "Genero berdintasuna oraindik lortu gabe dagoen justizia sozialeko auzi bat da". Legeek eta araudiek berdintasun formala aitortu arren, "berdintasun erreala ez da lortu, egunerokoan oztopo nabarmenei aurre egin behar baitiete lanaldi bikoitzak edo hirukoitzak egin behar dituztelako".
Eider Perez de Heredia Goñi Baztango Udaleko berdintasun teknikariak azpimarratu gisa, "emakumeek denbora bikoitza ematen dute zaintza-lanetan eta etxeko lanetan, eta horrek eragin negatiboa izaten du kalitatezko enpleguak lortzeko eta, oro har, haien ongizatean". Intersekzionalitatetik begiratuz, are nabarmenagoa da arrakala: "Emakume migrantea bazara, edo desgatitasun bat baldin baduzu edo LGTBIQ+ kolektibokoa bazara, are prekarizatuagoa izanen da zure egoera".
Nafarroako estatistikek hala erakusten dute: emakumeek gizonek baino % 20 gutxiago kobratzen dute, eta % 36 dira emakumeak lidergoko postuetan. Emakumeek betetzen zituzten, 2020an, lanaldi partzialeko enpleguen % 80 baino gehiago eta, gainera, familia betebeharrek haien lanaldia baldintzatzen dutela adierazten dutenen % 87 emakumeak dira.
Sektore feminizatuak dira oraindik prekarizatuenak, eta batez ere emakumeek hartzen dituzte beren gain ordaindu gabeko lanak; eta horrek beren garapen profesionala mugatu eta bizitzaren eremu guztiei eragiten dien genero-arrakala iraunarazten du. Arrakala hori areagotu egiten da emakumeak migratzaileak direnean, desgaitasunen bat dutenean, LGTBIQ+ kolektibokoak direnean, eta abar.
Irakurketarako tarterik uzten ez duten datuen aurrean, argia da estrategia, Perezen arabera: "Berdintasun politika publikoak egiten jarraitzea, betiere mugimendu feministarekin lerratuta". "Ezinbestekoa da aurrera egitea emakume guztien lana aintzat hartu eta baloratuko duen gizarte baterantz, erantzukidetasuna eta berdintasun politikak sustatu eta berdintasun erreala eragozten duten oztopoak ezabatuko dituen gizarterantz", zehaztu du.