Opor garaietan guraso askok ezin dute haien euskara klaseak umeen zaintzarekin uztartu. Helburu horrekin jaio da Famili’on euskarazko egonaldi ibiltaria. Plazarak, Uda Lekuk, Ebetek, Dindaiak eta AEK-k elkarlanean egin duten proiektu berria da.
Bost egunetan, familiek aukera izango dute haien euskara hobetzeko eta familia hizkuntza ohiturak aldatzeko. Horrekin batera, Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutuko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren bidez.
Goizez, klaseak izango dituzte helduek, umeek jarduerak egiten dituzten bitartean. Arratsaldean berriz, familia guztiarentzako ekimenak eta aktibitateak antolatuko dira. Horietako batzuk, publiko zabalari irekitako animazioak izango dira.
Iparralde eta Hegoaldeko familiak uztartuko dira antolatutako bi txandetan. Apirilaren 21etik 25era Baigorritik Lesakarako bidea egingo dute familiek. B1 eta B2 mailetan dauden helduentzat. Eta apirilaren 28tik maiatzaren 3a arte Arbonatik Oriorainokoa, A2 maila duten gurasoentzat.
Aste bakoitzean 20 familiek parte hartu dezakete, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin. Aste bakoitzaren prezioa 300 eta 650 euro artekoa izango da, formularen eta seme-alaben kopuruaren arabera. Prezioaren barruan daude garraioa, bazkari eta afariak, lo tokia, jarduerak, klaseak, animazioa eta materiala.
Izena emateko epea martxoaren 15 arte egongo da irekita. Informazio guztia www.plazara.eus webgunean aurkituko duzue.
Irrintzi Plaza saioan Esther Lakasta, Dindaia Fundazioko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Famili’on egonaldiko informazio guztia jasotzeko.