Jeanne du Barry Frantziako Luis XV.a erregearen azken maitale ofiziala izan zen (Luis XVI.aren aitona, Maria Antoinetarena, hau da, gillotinan amaitu zuena), eta prostituta izan zen.
Historialarien arabera, oso emakume jantzia zen, oso ederra, ilehoria eta itxura dotorekoa.
Goi nobleziarekin zituen harremanei eta komentu batean jaso zuen prestakuntzari esker, bere heziketa eta egoten jakitea finak eta kategoriakoak ziren.
Gainera, ile-apaintzaile eta jostun gisa andreentzako arropa-tailer batean egindako lanek bere estilo fin eta sofistikatua eman zioten.
Ezkondu baino lehen, Jeanne Bécuk zeukan izena, eta Jean-Baptiste du Barry konde proxenetaren bidez ezagutu zuen erregea.
Hori ez zen harritzekoa, Frantziako XVIII. mendean goi mailako gizartearen morala libertinoen eraginpean zegoelako, eta horrela intelektualak eta aristokratak giro lasaietan nahasten zirelako. Giro haietan erotismoak, sexualitateak eta askatasunak ez zuten mugarik.
Kontuan hartu behar dugu garai hartan oso ohikoa zela Frantziako erregeek emaztea izateaz gain gutxienez maitale ofizial bat izatea .
Izan ere, Luis XV.ak ordurako Madame Pompadour izan zuen maitale ofiziala. Baina 1764an hil zitzaion.
Emaztea ere galdu zuen lau urte geroago. Ordurako hilda zeuden bere semea, Luis Fernando, tronurako oinordekoa, eta haren emaztea, Saxoniako Maria Josefa, etorkizuneko Luis XVI.aren gurasoak, hain zuzen.
Beraz, Jeanne ezagutu zuenean, Luis erregea triste zegoen, bakarrik sentitzen zen, eta gobernurako ilusio eta trebetasun gutxi zuen.
Baina Jeanne ezagutzean liluraturik geratu zen, eta maitemindu egin zen. Erregeak 59 urte zituen, eta neskak, 23. Geroztik ez ziren banandu.
Erregearen maitale ofiziala izateko, komenigarria zen emakumeak noblezia-titulua edukitzea, eta ezkongabe ez jarraitzea, duintasun-irudia erakusteko. Hori zela eta, erregeak ezkontza bat antolatu zuen Jeanneren proxenetaren anaiarekin, Gillaume du Barryrekin, eta honek dirua eta ondasunak jaso zituen. Trukean, Barryko kondesaren titulua eman zion emazteari.
Ezkondu ondoren, senar berria Toulousera erretiratu zen, eta ez zuen inoiz senar lanik egin.
Geroago, Luis XV.ak Versaillesera bizitzera eraman zuen Jeanne du Barry, bere gelen ondoko apartamentu pribatu batzuetara. Gainera, urtean hiru milioi libera, bitxiak eta beste ondasun batzuk eman zizkion.
Han bizi zen bitartean Jeannek Voltaire filosofoa ezagutu zuen, arteen alde lan egin zuen, eta haien garapena sustatu zuen. Artista handiek egin zuten lan berarentzat.
Hala eta guztiz ere, gizarteko maila guztietako jendeak ez zuen Jeanne onartzen. Ez zioten barkatzen prostituta bat erregearen gogokoena izatea, eta, horren eraginez, abestietan, panfletoetan eta abarretan trufa egiten zioten. Berak dena zekien, baina beti izan zen zuzena eta eraman handikoa umiliazio guztien aurrean.
1774an erregeak baztanga harrapatu zuen. Jeannek zaindu egin zuen, kutsatzeko arriskua izan arren. Baina maiatzean hil zitzaion. Maria Antoinette eta Luis XVI.a koroatu zituzten orduan, eta Jeanne berehala kanporatu zuten Versaillesetik.
Komentu batera joan zen bizitzera bolada batez, eta, gero, erregeak oparitutako jauregitxo batera joan zen, hiriko bizitzatik eta gortetik urrun. Bizimodu burgesa eta lasaia izan zuen, eta bere lagun min apurrak hartzen zituen tartean behin .
Eta horrela jarrai zezakeen bere bizitzak, modu lasai eta baketsuan, azkeneraino. Baina ez zen hori gertatu.
Errege-kutxek ordaindutako bitxi batzuk lapurtu zizkiotenean, salaketa bat egin zuen. Eta, horrekin, akabo. Errepublikaren arreta piztu zuen berriak eta Jeannen ondareak, jabetza eta adiskidetasunak estatu-delitutzat hartu ziren.
Azkenean atxilotu, auzitegi iraultzaileak epaitu eta gillotinara kondenatu zuten.