Gizartea gero eta zaharragoa da eta gero eta jende gehiagok zailtasunak ditu bere burua zaintzeko, besteak zaintzeko eta zaindua izateko. Gizarte mailan zaintzaren inguruko kontzientziazioa areagotu den arren, zainketen lan sektoreak denetan prekarizatuenetako bat izaten jarraitzen du gaur egun. Prekarizazio horretatik ateratzeko lan hitzarmena ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen joan zen astean LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera.
Leire Arzuaga LAB-eko kideak argitu moduan, etxeko langileekin hainbat asanblada ireki egin dituzte dagoeneko, euren kezkak eta beldurrak ezagutze aldera: "Egoera oso zaurgarrian daude eta horrek euren eskubideen alde borrokatzeari beldurra izatea eragiten du". Lan hitzarmenak, baldintzak hobetzeaz gain, borrokatzeko eskubidea bera bermatuko lukeela azpimarratu du.