Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko helburuarekin, Elkarrek ipuin eta ilustrazio lehiaketa antolatu du aurten ere. 17. edizioa izango da. Epea jada zabaldu da proposamenak jasotzeko, martxoaren 21a arte.
Lehiaketa arrakastatsua da. Aurreko edizioan 9.000 lan baino gehiago aurkeztu ziren: 4.300 ipuin, 5.100 ilustrazio eta 940 komiki.
Hiru modalitate edo kategoria daude: ilustrazioa, ipuina eta komikia. Ipuina ilustratzeko kategorian, Alaine Agirrek idatzitako Zer jango du oiloak? ipuina ilustratu behar dute HH 4 eta LH 4 bitarteko ikasketak egiten dituzten umeek. Ipuinean oinarrituta egindako ilustrazioak A3 edo A4 formatodun orrian egin beharko dira. Eta margo mota eta teknika guztiak onartuko dira. Haur bakoitzeko marrazki bat aurkeztu behar da.
Bigarren modalitate edo kategorian berriz, ilustrazio bat ipuin batean bihurtu behar dute. LH 5 eta DBH 2 bitartean dauden haurrek Belatzek egindako ilustrazio batetik abiatu behar dira ipuina osatzeko. Marrazkian, pirata barku bat ikusi daiteke. Ipuinek euskaraz idatziak izan behar dute. Lan guztiak ordenagailuz idatzitakoak izan behar dira eta orrialde bakar batean aurkeztu beharko dira. Ez dira orrialde bat baino gehiagotan aurkezten diren lanak onartuko.
Azkenik, komikia osatu edo hasieratik sortu kategoria aurkitzen dugu, eta bertan DBH 3 eta DBH 4 mailetako gazteek bi aukera dituzte: Belatzek hasitako komikiari jarraipena ematea edota piraten gaiari helduta komikia hasieratik sortzea. Komikiak eskuz zein ordenagailuz sortu daitezke eta euskaraz idatzi behar dira. Teknika eta materiala guztiz libreak izango dira, baina lana A4 tamainako orrialde bakar batean entregatu beharko da.
Informazio guztia eta baita ipuin eta marrazkiak deskargatzeko aukera Elkarren webgunean topatu daiteke. Irrintzi Plazan, Borja Goitia, Elkarreko kidea eta lehiaketako koordinatzailea elkarrizketatu dugu.