Industriaren eraldaketa bultzatzeko proposamen zehatzak behar direla uste du ELAk

Maialen Huarte Arano 2025ko ots. 13a, 12:00

Puy Remirez, Unai Martinez eta Irati Bañuelos ELA sindikatuaren egoitzan.

Industria bizitzen ari den egoerari buelta emateko proposamenak behar direla iruditzen zaio ELA sindikatuari. Eraldaketa bultzatzeko funts bat sortzea, sektore estrategikoen esku-hartze publikoa eta industria politika bultzatzeko banka publiko bat eratzea, adibidez.

"Enplegu suntsiketa handi baten aurrean gaude nafar industrian", adierazi du ELA sindikatuko industria federazioko arduradun Unai Martinezek. Kontuan hartu behar da lau langiletik bat ari dela sektore horretan lanean Nafarroan. Egoera horretara iritsi izanaren erantzuleak ere badirela iruditzen zaio ELAri: "Batetik, legeak, langileen kontra eginda daudenak eta bestetik, noski, enpresa zuzendaritzak", gaineratu du.

Kaleratze bat bera ere ez dutela onartzen adierazi dute. Borroka garaia dela argi dute eta erronka handiei aurre egiteko unea. Langileei eurei ahotsa kendu gabe aurrera begira jartzeko unea: "BSHren kasuan ikusi dugu lan batzordeko kideak adingabetzat hartu dituztela ezein negoziaketetatik aldenduta utzi dituztelako", izan du gogoan. 

2010etik onartu diren lan erreformak daude egoera "latzaren" atzean, iruditzen zaie. Kaleratzeko aukerak erraztu egin zaizkie enpresei eta langileak babes gabe utzi ditu. Gehiegikeria horiek galaraziko dituzten legeak bultzatu behar direla iruditzen zaie. Nafarroako Gobernuaren proposamen bakarra enpresei zerga gutxiago ezartzea izan dela ohartarazi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!