Nafarroako industriaren etorkizuna defendatzeko deia egin dute zazpi enpresa-batzordek. Denok bat eginda manifestazio baterako deia egin diote nafartarrei: otsailaren 16an 12:00etan Iruñeko Golem zinematokietatik aterako da protesta. Nafarroako Volkswagen, Nano Automotive, Siemens-Gamesa, Sunsundegi, BSH, Tasubinsa eta Tenerias Omegako langileek sektore industrialaren aldeko mobilizazioa da deitutakoa. Elkarrekin agertu dira gaur BSH lantokiaren aurrean denak: "Arazo beraren aurrean gaude denak. Orain kinka larrian gaud ebatzuk baina inork ezin du ziurtatu bihar ez izatea beste enpresan ari dena", esan du Juanjo Hermoso de Mendoza BSH latokiko enpresa batzordeko lehendakariak. "Enpresen aldetik jasotzen ari garen erasoak ez dira lanpostu batzuen aurkakoak bakarrik eta gizarte osoari eragiten diote. Familia askoren etorkizuna dago jokoan", azaldu du.
Milaka langileren ordezkariak dira gaur agerraldian parte hartu duten lan-batzordeetako eledunak: "Bizitzen ari garen ezinegona, ziurgabetasuna eta sektorearen suntsitzea salatuko dugu", adierazi du. Herritar guztiei egin diete deia: "Langile klaseari zuzentzen gara, sindikatuei, gizarte eragileei eta oro har bizilagunei gurekin bat egin dezaten", gaineratu du.