Nano Automotive itxi eta 120 langile kalean utziko ditu enpresak

Maialen Huarte Arano 2025ko ots. 11a, 09:41

Zuzendaritzak eskutitz baten bidez jakinarazi die langileei Tuterako lantokia itxi eginen duela. Nano Automotivek izan duen "bezeroen eskaeraren jaitsiera drastikoak" eragindako erabakia dela adierazi du enpresak. 

Gaur bertan jakinarazi die Nano Automotive enpresak 120 langileei Tuterako lantokia itxi eta kalean geratuko direla. "Bezeroengandik izan duten eskaeraren jaitsiera drastikoak" eragindako erabakia izan dela jakinarazi die. Gaur bertan hasiko ditu enpresak tramiteak itxiera gauzatu ahal izateko. Hortik aurrera, emanen dien pausuak Lege Konkurtsalaren araberakoak izanen direla esan die. 

Zailtasunak gainditzeko egin dituzten esfortzu guztiak ez dira nahikoak izan Nano Automotive enpresaren arabera. Horregatik, Tuterako lantokia mantentzeko aukerarik ez zaiola gelditu ohartarazi die. Konpainiaren likidazioa gaur bertan hasiko dutela ere esan die eta gainerako erabakiak Epaitegi Likidatzaileak aginduko dituela. "Momentu zail hauetan zuen ulermena eta kooperazioa esketzen dizuegu", gaineratu diete langileei gutun horretan. 

Protestak eginak zituzten

Pasa den urtarrilaren 23an Nano Automitive enpresarentzako lan egiten duten langileek lantokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten produkzioan izaten zituzten etenaldiak salatzeko. Beldur ziren ez ote zen behin betiko etenaldia iritsiko eta gaur bertan horixe da konfirmatu dena. Zuzendaritza ez bertaratu izana ere kritikatu dute langileek. Enpresa batzordeak ostiralerako egin du deia manifestazio baterako. Igandean ere, Nafarroako industriaren aldeko manifestazioan parte hartuko dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!