25 urte dira Kaotiko taldeak bere bidea abiatu zuela eta ez da edonolakoa izan: 11 disko, zientoka abesti eta zenbatu ezin diren ehundaka kontzertu. Duela mende laurden Agurainen sortu zen boskotea euskal punkaren panoramako talde egonkorrenetako batean bilakatu da ordutik.
Ospatze aldera, taldeak urte guzti hauetan sortutako 25 abesti berreskuratu eta berriro grabatu ditu, XX5 izeneko disko batean bilduz. Atzera begiratzeko eta balantzea egiteko unea ere izan dela aitortu digute Xabi Aldaz eta Jon Morcillo taldekideek: “Emozio handiko grabaketa izan da diskoarena, nostalgia puntu batekin bizi izan duguna”.
Emozio horrekin berarekin itzuliko dira eszenatokietara ostiral honetan Iruñeko Zentral aretoan abiatuko duten biraren eskutik. Sarrera guztiak agortu dira dagoeneko, bai gurean, bai hurrengo asteburuetan emanen dituzten kontzertuetan ere. Hala ere, hitzordu zerrenda luzea dauka taldeak aurretik, eta egonen da zuzenekoetaz gozatzeko parada.
Kementsu dator taldea eszenatokietara. Izan ere, badira denborak aldatzea lortu ez dituen gauzak: “15 urtetan genuen inozentzia eta gogo berarekin jarraitzen dugu”.
Etxeko hitzorduen ondotik birak Galizia, Gaztela eta Leon eta Errioxa izanen ditu hurrengo geltoki. Informazio eta xehetasun guztiak Kaotikoren sare sozialetan zein webgunean ikusi daitezke.