Jose Mari Carlos (Bizardunak): “Eszenatokiaz gozatzeko soilik itzuliko gara”

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 6a, 18:55

‘Azken iraina’ izeneko birarekin itzuliko da Bizardunak taldea. Martxoaren 14 eta 15ean Atarrabiako Totemen arituko dira

Azkeneko hilabeteetan euskal talde askok iragarri dute haien azkeneko kontzertu birak: Esne Beltza, Chill Mafia edota Gatibu, esaterako. Baina bada oholtza gainera itzuliko denik ere. Bizardunak talde nafarrak joan den irailean iragarri zuen bira berri bat, azkeneko kontzertua eskaini eta 12 urtera.

Azken iraina bira / Hasta que nos canceléis izenpean iragarri zuen bira taldeak Instagram sare sozialeko argitalpen baten bitartez. Bizkarrean ehunka kontzertu eta hiru disko grabatu ostean, 2013an bere bidea eten zuen taldeak, gaurdaino. Zortzi kontzertu emango dituzte 2025ean: Atarrabiako Totem aretoan martxoaren 14 eta 15ean; Gasteizko Jimmy Jazzen martxoaren 21 eta 22an; astebete beranduago, 28 eta 29an, Azpeitiko Sanagustinen; eta azkena, Bilboko Kafe Antzokian, apirilaren 4 eta 5ean. Sarrerak berehala agortu ziren.

Itzulera birarako abesti berria ere kaleratu dute, Individues del mundo libre eta bideoklipa ere atera dute, garaiko kontzertuetan hartutako irudiak ikusi daitezkeelarik. Haien lehengo diskoaren ber-edizioa ere kaleratu dute, binilo formatuan. Bertan bildu ziren taldearen kantu ezagunenak eta horiei abesti berria eta lehenengo lanean sartu ez ziren abestiak ere daude entzungai.

Ez dituzte kantu berri gehiago egingo, ezta disko berririk ere. Oholtza gainean disfrutatzeko itzuliko dira bira berezi honekin eta momentuz ez dute beste erabakirik hartu.

2009 sortu zuten taldea eta hiru lan plazaratu dituzte haien ibilbidean zehar. Bizardunak (2009) izan zen lehena, irlandar folk doinuek markatuta; En Zugzwang (2010) bigarrena, rock doinuak nagusi; eta Ur ederra kirats infinituan (2012) azkena.

Bizardunak taldeko abeslari Jose Mari Carlos izan dugu Irrintzi Plazan itzulera bira honen inguruko xehetasunak kontatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!