25 urte nahi izan duten musika sortzen. Horixe da Kokein taldeak ospatzeko duena, Zaloa Urain taldeko abeslariak nabarmendu bezala. Denbora oharkabean igaro izana seinale ontzat hartzen dute taldekideek, bideaz gozatu izanarena.
Hortik doa plazaratu duten azken diskoaren izena: Bidea da helmuga. Bost kantu berriz gain, miresten dituzten musikariek egindako Kokeinen kantuen bost bertsio ere gehitu dituzte. Abesti hauek egiten parte hartu dute Miren Narbaiza, Ander Mujika eta Joseba Baleztenak; eta Zea Mays, Eraso!, Mursego eta Nakar taldeek.
Larunbatean Lizarrako La Bota Peñan eginen den Botarock jaialdiaren seigarren edizioan oholtzaratuko dituzte abestiak. Aurretik, Sodade Leitzarrek eta Bide Bakarra lizartarrek osatuko dute eguneko kartela. 21:00etan irekiko dira ateak eta 21:30ean abiatuko dira kontzertuak.