Ez da bere lehenengo argitalpena, bai aldiz liburu osatuaren formatuarekin plazaratzen den lehenengoa. Iosune de Goñi Garciak (Burlata, 1993) Ahizpa beltza liburua aurkeztuko du Katakraken, ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan. Balea Zuria argitaletxearen zigilupean dator idazle burlatarraren lana.
Ahizpa beltza barruan daramagun itzalari buruzko hausnarketa poetikoa da. Natura eta mitologiarekin lotutako iruditeria erabiliz, gordintasuna eta lirismoaren bidegurutzean kokatzen da liburu poema honetan. Gorputzetik eta gorputzarentzat idatzitako testuak dira, minetik sortutakoak eta honen erraietara bidaiatzen dutenak, traumari eskua ematea ere lortzen dutenak. Itzala egoteko, argia ere beharrezkoa delako.
De Goñi idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da. Euskaraz Iparreko basoak, Gorpuntz baten aztarnak elurretan eta Itzalak uraren azpian poema sortak argitaratu izan ditu. Bere testuak hainbat aldizkari eta bildumatan agertu dira eta bestelako dizplinak uztartzen dituzten hainbat proiektu kolaboratiboetan parte hartu du.