Turismo gidetan agertzen ez diren herriak ezagutzeko jokoa

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 20a, 19:36

Aniz, Ziga eta Berroeta ezagutzeko joko aplikazioa sortu dute Asier Morillok eta Oihane Montejok, Mondragon Unibertsitateko ikasleak

Turismoa egiteko milaka modu daude. Gomendagarriena, ezagutu nahi ditugun tokietara bertaratzea eta zuzenean ikustea. Baina han gaudela ere, zaila da batzuetan ingurua ongi ezagutzea, ez badugu lagungarria zaigun gida bat edota joko digital bat, esaterako.

Hori da hain zuzen ere Oihane Montejo burlatarrak eta Asier Morillo azpeitiarrak egin dutena. Baztango Aniz, Ziga eta Berroeta hobeto ezagutzeko joko aplikazioa asmatu dute. Modu dibertigarrian ezagutuko ditugu herri hauek, normalean turismo gidetan aipatzen ez direnak.

Ekintzailetza gradua ari dira ikasten Mondragon Unibertsitatean eta klaseko proiektua izan da orain berri garatu duten aplikazioa. Baztango udalarekin jarri ziren harremanetan eta haiekin adostu zituzten hain ezagunak ez diren Aniz, Ziga eta Berroetan garatuko zela jokoa. Roadgames izeneko aplikazioarekin garatu dute ginkana moduan planteatzen duten joko hau.

Lehenik eta behin, aplikazioa deskargatu eta Baztango Turismo bulegoak ahalbidetuko ditu kodeak jokatzen hasteko. Ondoren, nahi den puntutik hasi daiteke jokoarekin. Guztira zazpi proba desberdin daude. Matchmaker, G-spot, Esploratzaile, Sprinter, Groupie, Experto eta Altxorraren bila dira. Matchmaker-en, adibidez, herriko txoko desberdinen irudiak agertzen dira eta horiek bilatu behar dira. Esploratzaile atalean galderak egiten zaizkie jokalariei eta erantzunak herritarren laguntzarekin bilatu beharko ditu erabiltzaileak. Sprinter jokoan berriz, harribitxiak egongo dira herrietan zehar kokatuta eta denbora mugatu batean bildu beharko dira guztiak atzerako kontaketa  batean.

Irrintzi Plazara gonbidatu ditugu Asier Morillo eta Oihane Montejo jokoaren egileak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!