Udalen baimenik gabe ari dira AHTren obretarako zundatze lanak egiten Sakanan

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 20a, 09:38

Arakilgo Izurdiaga herrian ostegunean iritsi ziren Cemosa enpresako makineria eramaten eta zundaketa lanak egiten. Udalak ez du lan horiek egiteko baimen eskaerarik jaso eta hortaz, geldiarazteko eskatu zien. Gaur eta bihar omen dira berriz ekitekoak eta elkarretaratzera deitu ditu AHT Gelditu taldeak herritarrak. 09:00etan eta 15:00etan elkartuko dira Izurdiagako futbol zelaian. 

Baimenik gabe. Hala hasi dituzte Izurdiagan ere, Sakanan, Abiadura Handiko Trenaren obrak egin aurretik beharrezkoak dituzten zundaketa lanak. Pasa den ostegunean ikusi zituzten lehen makinak herri ondoko lursailetan. Izurdiagako kontzejuko eremuan Cemosa enpresa lan geoteknikoak egiten hasia zela jakin zuten. Lan horiek, Arakilgo Udalaren baimenik gabe egiten ari zirela kontuan harturik, Udala enpresarekin harremanetan jarri zen eta lanekin berehala gelditzeko eskaera egin zion, gogoraraziz, prozedura administratibo arruntari jarraiki, enpresak 15 eguneko epea duela baimen eskaera egiteko. Langileek, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin ari zirela jakinarazi dute.

Ez da lehendabiziko aldia baimenik eskatu gabe zundaketa lanak egiten hasten direna. Urri erdialdean Otsobin prozedura bera erabili zuten, Izako Udalari baimen eskaerarik egin gabe. Urrian bezala orain ere, batzar informatiboa egin zuten bart bizilagunen artean.

Gaur eta bihar segituko omen dute zundatze lanekin, ez bakarrik Izurdiagan, baizik baita Urritzolan ere. Hartara, elkarretaratze iraunkorra egitera deitu dituzte bizilagunak. Goizeko bederatzietan elkartuko dira, Izurdiagako futbol zelaian eta arratsaldeko hiruetan beste deialdi bat egin dute, leku berean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!