Gorka Ovejero (Stop Zundaketak): "Oso larria da inongo jakinarazpenik gabe zundaketak egiten hastea"

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 30a, 12:40

Abiadura Handiko Trena Euskal Autonomia Erkidegoarekin nondik lotu erabakitzeko zundaketa lanak eginen zituela ohartarazi zuen Espainiako Gobernuak duela bi aste. Otsobin hasi zituzten asteburuan Izako Udalari inolako jakinarazpenik helarazi gabe. Stop Zundaketa plataformak "apijokoz" aritzea leporatu dio Espainiari eta herritarrei dei egin die "ezein mugimenduren aurrean erantzutera". 

Etxarri-Aranatzen agerraldi bateratua egin dute Stop Zundaketak plataformak, herriko alkateak, Goierriko eledunek, Otsobiko alkateak eta Arabako lautadako ordezkariek. Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea zein izanen den zehazteko eremu horietan hasi dituzten zundaketa lanekin "kezkatuta eta haserre" mintzatu dira gaurko prentsaurrekoan: "Inolako jakinarazpenik gabe sartu ziren Otsobiko kontzejuarenak diren lurretan, baita lursail pribatuetan ere lanak egitera", adierazi du Gorka Ovejero plataformako kideak. "Azpijokoa" erabiltzen ari dira zundaketa horiek egiteko "presazko" figurari eutsi baitio Espainiako Gobernuak.  "Abisurik ez dira helarazten ari presazko lanak direlakoan. Zalantzazkoa iruditzen zaigu larrialdirik ote duten zundaketa horiek", esan du Ovejerok. 

Lehenago ere adierazia dute Sakanako herrien %75etik gora, Arabako lautadako udal asko eta Goierriko beste zenbaitek ez dutela bat egiten Abiadura Handiko Trenarekin: "Sakana beste azpiegitura erraldoi batek zeharkatzeak ez lioke mesederik eginen inori. Lan horiek herritarren nahi eta beharren gainetik egiten ari dira", salatu dute. Jakinarazpenik iristen ez dela ikusita eta susmoa izanda Uharte-Arakilen edo Etxarri-Aranatzen eginen dituztela datozen egunotan zundaketa lan gehiago herritarrei egin diete deia: "Edozein mugimenduren aurrean jakinarazi udalei edo plataformari egiten ari direna". 

Larunbaterako mendi martxa bat antolatu dute zundaketen kontra. Iturmendiko plazatik abiatuko dira 09:30ean. Gorka Ovejerori egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!