Musikaren alorrean, aurreko urteak talde batzuen agurra ekarri zigun, kontzertu handi eta masiboak ere… baina baita emeki-emeki labean egosten aritu diren lanak eta talde berriak ere. Talde berri horietako bat Marte Lasarte da, naiz eta bertako partaideek ez duten berritik asko, musikan ibilitakoak baitira guztiak hainbat proiektu sonatuetan.
Pello Armendariz da taldeko abeslaria eta Borja Anton gitarra. Haiek abiarazi zuten proiektua, abestiei letra eta doinua jartzen. Handik gutxira Lore Nekane Billelabeitia, Belako taldeko kide ohia batu zen proiektura, baita Alex Alonso bateria jotzailea ere. Taldea osatuta, udazkenean beren lehenengo lana kaleratu zuten, Ez da besterik izenekoa.
Eguneroko gaiak, arazoak eta buruko minak dituzte hizpide diskoan jasota dauden zortzi abestietan: heriotza, lana, maitasuna, gezurra, denboraren joana…
Otsailaren 9an Iruñeko Zentralen zuzenean ikusteko aukera izango dugu. 19:00etan izango da ate irekiera 18:30etan.
Irrintzi Plazan Marte Lasarte taldeko Pello Armendariz eta Borja Anton izan ditugu disko berriaren nondik norakoak kontatzeko.