Mikel Mundiñano (Sare): "Sufrimenduaren amaiera eskatzera goaz Bilbora"

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 9a, 10:51

Sare Herritarrak urteroko hitzordua du larunbatean Bilbon. Euskal presoen eskubideak berma daitezela eskatuko dute eta urteotako gatazkaren konponbidea behin betiko galdegin. 17:00etan aterako da protesta La Casillatik abiatuta. Mikel Mundiñano Sareko kidea elkarrizketatu dute Euskalerria Irratian. 

Presoen eskubideak erdigunean jarriko dituzue, oraindik ere urratu egiten direlako. Zertan?

Urratsak egin dira, etapak isten joan gara, nahi baino motelago. Oraindik eskubide urraketak badaude. Ez oso aspaldi utzi genituen atzean urruntze politikak eta horiek eragiten zituzten eskubide urraketak, hala nola, bakartze ziegak, lehen graduan mantentzea etab. Oraindik ere, dena dela, salbuespen neurriak indarrean daude: duela 20 urte euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartutako salbuespen neurriak eta bestetik, espetxeetako kudeaketan egunero jartzen diren oztopoak, hala nola, etxerako bidea egin ahal izateko. Ezarritako zigorrek ezin dute presoen eskubideak urratu. 

Presoen aferez harago doan manifestazioa izanen da larunbatekoa. Biktima guztien duintasuna defendatzen ari zarete.

Gatazkaren ondorioen konponbidea bake justuaren oinarrian eta elkarbizitzan emanen dira. Saren uste dugu, sendotu egin behar dela indarkerien biktimekiko babes eta sostengua. Indarkeria guztien biktimek merezi dute babes hori. Biktimak berdinak dira sufrimenduan, baina ikusten ari gara ez direla berdinak neurri politiko eta judizialak hartzeko orduan. Konponbide oso bat eskatzen ari gara behar bat delako gizartearentzat. Une hauetan gatazkak sortu dituen ondorioak konponbidean jarri behar dira eta horretarako euskal gizarteak badu zilegitasuna zigilua jartzeko. 

Egunotan gainera, bizunkada egiten ari zarete. Zer da?

Sarek diru-laguntza gutxirekin egiten du bere lana. Baliabideak behar ditugu gure lana egin ahal izateko eta horretarako jarri dugu bizunkada nazionala martxan. 

Larunbatean, Bilbon izanen da manifestazioa arratsaldeko bostetan. Autobusak ere aterako dira txoko askotatik. 

Herri eta eskualde desberdinetatik aterako dira bai eta espero dugu milaka izanen garela Bilbon elkartuko garenak. 

Zergatik egin beharko luke jendeak bat larunbatekoarekin?

Behar bat delako. Gatazkaren ondorio guztiak isteko eta bukatzeko garaia delako.Sufrimenduaren bukaera exijitzeko legitimitatea eta eskubidea du euskal gizarteak. Iraganeko gizarteari zor diogulako, baina etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegu guk gure aurrekonengandik jaso genuena baino gizarte hobe bat. 

Mikel Mundiñanori egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!