Pello Reparaz: "Guztiz hunkituta gaude Donostiako kontzertuari jendeak eman dion erantzunarekin"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko urt. 8a, 19:24

Emanaldi bakarra izan behar zuena hirutan bilakatu da. Asteburuan Iruñean emandako Mitoaroa erakustaldiaren ondoren, Zetakek irailan emanen duen 'Aaztiyen' biraren azken kontzerturako sarrerak egunean bertan agortu dira

30.000 pertsona Nafarroa Arena lepo betetzen, milaka ETB2ko pantailaren beste aldean eta sare sozialak bor-borka. Zetakek asteburuan Iruñean emandako erakustaldiak ez zuen inor hotz utzi. Pello Reparazek ekainan iragarri zuen Mitoaroa, proiektuaren bosgarren urteurrena ospatzeko ikuskizuna. Orduko hartan “inoiz izandako besta ederrenetako bat” izanen zela aurreratu zuen, eta halaxe izan zen, ezbairik gabe. Parekorik gabeko erakustaldi tekniko, artistiko eta musikal handi bat izan zen, nafar iruditeria kolektiboaren biziberritze bat, publikoa hunkitzea lortu zuena.

Horren erakusle izan da gaur iragarritako hurrengo kontzerturako sarrerekin gertatutakoa. Goizeko 8:00etan ireki da Aaztiyen birari amaiera emanen dion Donostiako kontzerturako sarrera salmenta eta ordubete egin ez duenean agortu dira sarrera guztiak. Bigarren data bat iragarri du taldeak berehala, irailaren 5a, eta horretarako ere sold out txartela zintzilikatu dute handik gutxira. Hirugarren data bat iragarri dute azkenik. Irailaren 7an izanen da Aaztiyen diskoko biraren azken kontzertua Donostiako Ilunben, eta sarrera guztiak ia agortu diren arren, harmailetan oraindik baten bat gelditzen da.

"Gainezka egin gaitu jendearen erantzunak gaur", argitu digu Reparazek berak. Harekin mintzatu gara asteburuan bizitakoaz eta hurrengo agerraldi handiaz ere. Momentuz ezin da asko aurreratu, nahiz eta baden faltako ez den zerbait: "Pasioa. Hori ez da faltako gure hurrengo emanaldian, lan egiteko prest eta ilusioz gaude". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!