Gazteluko plazan hiru dromedario daude atzotik. Hiru Errege Magoak eramanen dituzten dromedarioak dira. Igandean iritsiko dira Iruñera eta dena prest uzten ari dira Iruñeko Kabalkada Elkarteko kideak iritsiera horretarako. Mila lagun baino gehiagok hartuko du parte aurtengo kabalkadan. Azken urteotako ibilbidea eginen dute eta geldialdiak ere ohikoak izanen dira, tartean udaletxean eginen dutena. Bi kilometro eta erdiko ibilbidea izanen da hiriburuan eginen dutena eta goxokiak ere jaurtiko dituzte.
Aurten, ibilbide horretan, bi espazio izanen dira desgaitasuna dutenei bideratutakoa eta baita soinu indartsuarekin gaizki pasatzen dutenei bideratua ere.
Iruñean ospatzen den 98. Kabalkada izanen da igandekoa, Elkarteak antolatzen duen 26. Guztira 180.000 euroko aurrekontua erabili dute eguberri hauetan egin dituzten ekimenetarako.Magia itzuliko da Iruñera, igandean beraz. Iruñeko Kabalkada Elkarteko idazkariarekin, Letizia Bergararekin hitz egin du Euskalerria Irratiak Kabalkadaren aurkezpenean.