Hiru asteko mobilizazioek ez dute fruiturik eman Elizondoko Benito Menni ospitale gunean. Langileak kexu eta haserre daude enpresak hartu nahi duen erabaki baten aurrean: Bertiz izeneko eraikina itxi nahi du. Egun, hamar erabiltzaile daude eraikin horretan Eva Arrieta zentro horretako ELA sindikatuko arduradunak azaldu duenez eta lekualdatu eginen dituzte: "Erabiltzaile horietako batzuk beste eraikinetara bideratuko dituzte eta logela konpartitu beharko dute. Iruñera eramanen dituzte beste batzuk". Errentagarritasun ekonomikoa baino ez du kontuan hartu enpresa kudeatzaileak erabaki hori hartzerako garaian: "Erabiltzaileak pilatuko ditu eta langileak sobran geratuko zaizkiola iritzi dio", azaldu du Arrietak. Ez dute bat egiten erabakiarekin, izan ere, itxaron zerrenda du ospitaleguneak: "Jendea zain dago zentro honetan sartzeko eta hala ere eraikinetako bat hustu eta langileak kaleratu nahi ditu", esan du. Eva Arrietari egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda.