Joan zen astean plazaratu zuen Zetak taldeak bere abesti berria, ‘Hileta kantu nafarra’. Kantu berezi bat, Pello Reparazek berriki zendutako aitonari idatzitakoa. Asko zuen errateko Reparazek abestiaren bitartez, eta ez du bakarrik erran nahi izan. Bere garaian merezitako lekurik izan ez zuten emakumeei omenaldi bat ere eraiki nahi izan du eta, horretarako, Maixux Zugarramurdi izan du abestikide.
Zugarramurdik aitortu bezala, abesti honetan parte hartzea "goxoki bat, opari bat" izan da berarentzat. Izan ere, pandemia ondoren hildako senarra izan du gogoan heriotzaren eta galeraren inguruan mintzatzen duen abestian. Bestalde, bizi osoa kantuari lotuta egon den arren, lehenengoz aritu da publiko zabalaren aurrean kantatzen. Adinak eragindako ajeak tartean, ez du uste musikaren bideari jarraituko dioenik, eta horrexegatik ere gozatzen ari da Zetak taldearen eskutik iritsi zaion aukera honekin.