Durangoko Azoka

Lander Majuelo (Pamiela): "Erabateko zurrunbiloa da Durangoko Azoka editoreentzat"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko abe. 4a, 18:42

Pamiela argitaletxearen erakusmahaian saiakera eta fikzio lanak nagusituko dira, baita haur eta gazteentzako literatura ere

Durangoko Azokara iristeko prest daude dagoeneko Nafarroako argitaletxeak. Pamielaren kasuan, askotariko lanak ekoiztu ditu aurten, tartean, Danserie Ensemble taldeak grabatutako Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua oinarritutako disko-liburua, Koldo Azkona musikariaren ikerketaren eskutik jorratu dena. Liburu ospetsuko poesiak garaiko musikarekin jantzi ditu taldeak, bestalde.

Saiakeraren generoan, Fermin Erbiti kazetari eta euskaltzain urgazlearen eskutik Iñaki Perurena. Harria bidelagun elkarrizketa liburua plazaratu du Pamielak berriki. “Gizon polifazetikoa, miretsia eta maitatua”, harri-jasotzailearekin izandako solasaldi luze eta mamitsuak dakar liburua. Ez da saiakeraren alorrean Pamielak dakarren liburu bakarra. Nabarmentzekoak dira, Eneko Bidegainen Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia, sindikalista eta politikari gipuzkoarraren ingurukoa; Joxe Angel Irigarayren Ele eta hitz, ahoz eta idatziz saiakera, editore, idazle eta kulturgilearen lan mamitsua; eta Irakurketaren aldeko manifestua, Fernando Reyk itzulitako Irene Vallejoren hausnarketa lana.

Irakurle gazteek ere izanen dute zer aukeratu Pamielaren erakusleihoan, besteak beste haurrentzako bilduma ilustratuen lehiaketan nagusitutako Mamuki, Nerea Ariznabarreta eta Maite Rosendek sortutako mamu mukizuaren inguruko liburua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!