Ager Vasconum euskarazko literatur lehiaketak 10 urte betetzen ditu eta opari gisan liburua prestatu du Altafayllak, Euskarabidea eta Tafallako Udalarekin elkarlanean. 10 urte hauetan 8 edizio egin dira (2016an eta 2020an ez baitzen lehiaketa antolatu) eta 100 lan bildu dituzte aipatutako liburuan.
Ana Flamarike, Tafallako euskara teknikariaren esanetan, “urteotako lanak biltzea ariketa interesgarria izan da, batetik gure eskualdeetako gazteek idazketan izan duten bilakaeragatik, progresioagatik, eta bestetik, urtez urte saria jaso duten lanen kopuruagatik. Urte gutxirekin hasi ziren gazteak, hazten ikusi ditugunak, edizioz edizio errepikatzen joan direnak, eta gaur egun aipatzeko moduko proiekzioarekin ikusten ditugun izenak: idazleak, aldizkarietako kolaboratzaileak edota abeslariak”.
Ager Vasconum. 2014-2024 liburuaren xehetasun guztiak kontatu dizkigu Ana Flamarikek Irrintzi Plaza saioan.