KIROLERRIA

Amesgaiztoa Etxe Zurian

Unai Lako Goñi 2024ko aza. 11a, 18:56

Izenburu honekin, Amerikako Estatu Batuetako egoera politikoari egin dakioke erreferentzia. Eta baita, Osasunak larunbatean Real Madrilen zelaian jokatu eta galdutako partidari ere.

Amnesiak jota aritu ziren gorritxoak, eta ahaztu egin zitzaien nor diren. Intentsitaterik eta adorerik gabe jokatu zuten, eta hori bekatua da Bernabeu bezalako plaza zail batean.

Ancelottiren taldea zalantzaz josita zegoen, etxean bi porrot mingarri kateatu ostean. Hori gutxi ez, eta lehen zatian hiru jokalari galdu zituzten zuriek, lesioen ondorioz. Baina alferrik: Osasuna bere onenetik oso urrun ibili zen, eta golak jaso ahala, desagertu egin zen berdegunetik. Azkenean, 0 eta 4. Bere txarrean, bosgarren postuari eutsi diote Vicente Morenoren mutilek.

Emakumeen taldeari dagokionez, bina berdindu zuen atzo Taxoaren DUX Logroñoren kontra. 0-2 hasi zen galtzen. 80.ean Yiyik, aldea murriztu, eta 86.ean binako gola Nerea Salinasek. Puntu baliotsua. Hilabete arraroa izan da, azken bost asteetan ligako bi partida bakarrik (FCB eta VIL bertan behera). Igandean, AEM.

Kirolerria saioko asteroko tertulian bi partidak izan dituzte hizpide Ane Martiarena eta Unai Lakok, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia entzungai hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!