Tuterako Argia ikastola 1984ko azaroaren 5ean sortu zuten. Bost familia izan ziren hastapen haietan. Erriberako hiriburuan garai haiek ez ziren batere goxoak izan Gari Urbizu egungo Argia ikastolako zuzendariak azaldu duenez. Beterri elkartea sortu zuten lehenbizi eta ikastolaren lehen pausoak etorri ziren gero. Hasiera batean behitegi batzuetan hartzen zituzten eskolak ikasleek. Leku desberdinetatik pasa ziren: Etxe txiki batean ere izan ziren eta Beterri elkartearen txokoan ere bai. Txiki geratzen hasi ziren leku horiek guztiak eta hortik sortu zen Fontellas herriko ikastolaren eraikina. 1995eko Nafarroa Oinezari esker lortu zuten eraikitzea.
240 ikasle jaso ditu Argiak urte batzuez, egun 180 inguru ari dira euskarazko eskolak bertan jasotzen. Gorabeherak izan dituzte, baina beste edozein tokitan izaten direnak direla uste du Urbizuk. Hainbat ekitaldi antolatuko dituzte urteurrena ospatzeko, baina helburu nagusia ikastolatik pasatakoak elkartzea izanen da. Bihar inaugurazio bat izanen da Rua gizarte etxean. Azkeneko berrogei urteotako argazki erakusketa zabalduko dute.