Hezkuntza publikoko sindikatuek beren proposamenari erantzun bat emateko konpromisoa eskatu diote kontseilariari

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 5a, 10:49

Azaroaren 11n ezarri zuen Hezkuntza departamentuak Mahai Sektoriala nahiz eta sindikatuek lehenago bildu nahi zuten. Egun horretarako gai zerrenda aldatzea lortu dutela adierazi dute hezkuntza publikoko sindikatuek: proposamenak aztertu eta baloratzetik harago, sindikatuek mahai gainean jarritakoei erantzun bat emateko konpromisoa nahi dute Carlos Gimenorengandik. Horrez gain, departamentuak dituen neurri zehatzen aurkezpena ere exijitu dute.

Urriaren 29an izan zen hezkuntza publikoko sindikatuek deitutako bigarren greba eguna: “Kontent gaude irakasleen erantzunarekin eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioarekin”, adierazi dute sindikatuek ohar batean. Lehenengo greba egunak baino indar handiagoa izan zuela uste dute eta horrek erakusten du “irakasleen haserrea”. Jakin badakite Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk adostutako 2025erako aurrekontuek ez dutela biltzen diru-partidarik euren aldarrikapenak erantzunen dituena, baina “oraindik garaiz dabiltza zuzenketen bitartez irakasleen eskaerei erantzuteko”.

Edozein modutan, Hezkuntza departamentuak azaroaren 11n deitu du Mahai Sektoriala eta bertatik neurri zehatzik gabe ateratzekotan mobilizazio gehiagorekin segitzeko asmoa dutela ere iragarri dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!