Gau Beltza

Euskal mitologiako pertsonaiak berpiztuko dira Irurtzungo Ibilbide Beltzan

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 31a, 16:22

300 pertsona bertaratuko dira Irurtzunera Pikuxar Euskal Txokoak antolatu duen ibilbide antzeztua ikustera

Euskal Herriko leku askotan Domu Santuaren bezpera, Arimen Gaua edo Gau Beltza deiturikoa ospatzeko ohitura berreskuratu da, ez atzerritik etorritako errituekin, baizik eta aitzinako euskal erritu tradizionalekin. Jaia berrasmatzea da afera. Horixe da Pikuxar euskal txokoak antolatutako egitarauaren helburua. Urtero bezala, gaur Ibilbide Beltza eginen du, euskal mitologiako pertsonaiak protagonista dituen ibilaldi antzeztua. 

Iskidi eta Tramankulu taldeekin batera, musika eskolako trikitilariak eta txalapartariak arituko dira antzezlanean eta Izaskun Mujika, Peio Aldaz, Lorena Arangoa, Igor Lanz eta Ion Barbarin arituko dira aktore lanetan. Barbarinek berak onartu bezala, aktoreentzat "oso dibertigarria" da ibilaldi berezi honetan partea hartzea. Basoko eta Tartalo bezalako euskal mitologiako pertsonaiak agertuko dira "hilen eta bizien bideak nahasiko dituen ibilaldian". 

Lehenengo pasea 17:30ean eginen da eta horren ondotik beste hamar etorriko dira. "Denetara 300 pertsona inguru bertaratuko dira ibilbidera, 30 pertsonako taldetan". 2019an egin zen lehenengoz eta ordutik bide gora-beheratsua izan den arren, pandemia tartean, dagoeneko Gau Beltzaren ospakizun desberdinen artean egonkortu den hitzordua da Irurtzungoa. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!