Hezkuntza publikoko sindikatuekin hitzartua zuen bilerara sartu aurretik iragarri du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ostiralean eurengandik jasotako zenbait proposamen onartu dituela: "Keinu itsusia iruditu zaigu hedabideei guri baino lehenago helaraztea hartu duen erabakia", kritikatu dute sindikatuek. Hortik aurrera, batzarrean azaldu dizkie Gimenok bere asmoak. "Hasieran onartezina zena orain badirudi aurrera eramateko prest azaldu dela. Ratioen jaitsiera onartu du, nahiz gure ratioak txikiagoak diren bereak baino", azaldu du Iosu Arraiz LAB sindikatu hezkuntza arduradunak. Haur eta Lehen Hezkuntzarako 23 ikasleko ratioak ezarri ditu Gimenok bere planteamenduan; sindikatuek 20 ikasle jaso dituzte gela bakoitzako gehienez. "Aurrera egiten ari gara, baina mantxoegi", uste du Arraizek. "Lortzen ari garen hau egindako mobilizazioen bidez eskuratu dugu. Bide horretan segituko dugu gutxienekoak lortu arte", esan du Arraizek. Momentuz urriaren 29rako iragarria duten grebarekin aurrera segitzen dutela jakinarazi dute sindikatuek. Gaur jasotako proposamenak aztertu eta erantzun bateratua emanen diote Gimenori. Iosu Arraizi egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.