Sindikatuek egindako zenbait proposamen onartu ditu Hezkuntza Departamentuak

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 22a, 10:50

Hezkuntza publikoko sindikatuen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko bilera izan da gaur goizean. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak hartu du parte eta sindikatuek egindako zenbait proposamen onartu dituela iragarri du bileran sartu aurretik: ratioen jaitsiera Haur Hezkuntzan ez ezik baita Lehen Hezkuntzan ere, irakasleen formazioen orduak 35etik 25era jaistea eta zama burokratikoa arintzea, besteak beste.  

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak uste du onartutako proposamenak nahikoa beharko luketela izan sindikatuek urriaren 29rako deitua duten greba bertan behera uzteko eta akordioa erdiesteko. hezkuntzako Mahaiaren bileran sartu aurretik egin dituen adierazpenak dira horiek. Izan ere, aurreratu du sindikatuek planteatutako zenbait ekinbie onartu dituela: ratioen jaitsiera Haur Hezkuntzan ez ezik Lehen Hezkuntzan ere eginen duela adierazi du Gimenok; Haur Hezkuntzan gehienez 23 ikasleko taldeak heldu den urtetik aurrera eta Lehen Hezkuntzako lehen mailan gero progresiboa litzatekeena datozen mailetarako. Horrez gain, irakasleei ezartzen dizkieten derrigorrezko formazioa txikituko diela bermatu die bilera horretan: 35 ordutik 25 ordura.

Bigarren Hezkuntzari dagokionez, hitz eman die aztertuko duela ratioen jaitsiera: DBHko lehen mailatan dauden egoerak ikastetxez ikastetxe ikusita neurriak hartuko direla ziurtatu die. Ikastetxe zaurgarrienetan gainera,  20 ikasle gehienez jartzeko aukera ikusten du Gimenok eta baita behar bereziak dituzten nerabeak dauden geletan ere. Onartutako neurri sorta "nahikoa" litzateke greba bertan behera uzteko Gimenoren ustez eta hala ez lieke kalterik eraginen hezkuntza publikoaren hautua egin duten familiei ez eta ikasleei ere. Hori bai, neurri horiek indarrean sartu ahal izateko akordioa sinatzea ezinbestekoa dela gogorarazi die sindikatuei Gimenok: "Hezkuntzak diseinatutako neurri-pakete horren bidez hezkuntzarako Itun berria eratu nahiko genuke Ekitatea eta Kalitatea Hobetzeko", esan du.

Gaur iragarritakoez gainera, gogoratu du aurreko bileraren ostean adierazi zuena: 1.000 orduko errefortzua jartzeko prest dagoela. 55 urte baino gehiagoko irakasleen artean adierazitakoaz esan du, zuzeneko lan saioen gutxitzea direla, baina ordu horiek zentroan eman beharko dituztela irakasle horiek eta mantendu eginen zaiela soldata bere osotasunean. Gainerakoen soldatari dagokionez, iragarri duena da, Mahai Orokorrean lantzeko gaia dela eta datozen egunetan aurkeztuko duela Nafarroako Gobernuak funtzio publiko osoari eraginen dion proposamen sorta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!