Lander Unzueta: "Euskal bideo-jokoen industria babesten eta sustatzen hastea beharrezkoa da"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko urr. 15a, 19:14

Euskarazko bideojokoen sorkuntza biziberritzea helburu duen Euskal Game Jam topaketaren 2. edizioa eginen da urriaren 18tik 20ra Oreretan

Euskarazko bideo-jokoak sortzea. Horixe izanen da asteburu honetan, urriaren 18tik 20ra eginen den Euskal Game Jam topaketaren helburua. Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, bideojoko sortzaile euskaldunei leku bat ematea eta sarea indartzea helburu duena. 

Game Erauntsiko kide Lander Unzuetak azpimarratu bezala, Euskal Herrian "gero eta indartsuagoa" da bideojokoen industria. "Bertako sortzaileei leku bat eman behar zaie, elkar ezagutzeko eta ezagutza partekatzeko. Bertan, Euskal Herrrian, badago lekua mundu honentzat, eta euskaraz ere bizi daitekeen mundu bat da". 

48 orduko epean bideojokoak sortzeari ekingo diote parte hartzaileek euskara hutsean. Urriaren 18an 18:00etan hasiko da sormen prozesua eta bi egun igarota, urriaren 20an proiektuak bukatuta eta itch.io bideojokoen plataforman argitaratuta eduki beharko dituzte taldeek. Gehienez bost kidek osatuko dute talde bakoitza, tartean programatzaileak, diseinatzaileak, artistak, musikariak... "Taldeak anitzak izan daitezke, patxadaz eta gustura aritzeko pentsatuta dago topaketa". 

18 urtetik gorakoei zuzendutako egitasmoa Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian burutuko da eta aurrez aurre zein on-line parte hartzeko aukera dago. Izen-ematea zabalik dago oraindik, Euskal Game Jam 2-aren webgunean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!