Fermin Artola (Zaporeak): "Ezinbestekoa da Greziara hemendik elikagaiak bidaltzea"

Maialen Huarte Arano 2024ko ira. 25a, 08:37

Greziako errefuxiatuentzako kanpalekuetara eramateko arroza, makarroiak, espagetiak, txitxirioak eta olioa jasoko ditu Zaporeak Elkarteak larunbatean. Berriozarko Eroski saltokian, Moreako E. Leclerc-en eta Antsoaingo eta Iruñeko Iñigo Arista kaleetako BM dendetan eginen dute bilketa. 

Zaporeak Elkarteak larunbatean Iruñerriko zenbait saltokitan jasoko ditu arroza, makarroiak, espagetiak, txitxirioak eta olioa: Zaporeak 2019tik ari da otorduak banatzen Greziako errefuxiatuentzako kanpalekuetan. "Haiek oraindik ere behar handiak dituzte", gogorarazi du Fermin Artola boluntarioetako batek. "3.000 otordu banatzen ditugu egunero eta hori egin ahal izateko laguntza ezinbestekoa dugu", gaineratu du. Berriozarko Eroskin, Moreako E.Leclerc-en eta Antsoain zein Iñigo Arista kaleko BMn eginen dituzte jaki bilketak. 

"Errefuxiatu fluxua etengabea da", azaldu du Artolak. Joan-etorrian dabiltza eta egun 2.000tik gora herritar daude Greziako kanpaleku horretan, Karatepe izenekoan. "Maiatzean 6.000 lagun batu ziren eta Greziako beste zonalde batzuetara eraman zituzten, gehiegi pilatuko zirelako beldur", esan du. Astean lau aldiz arroza egiten dute: "Bi tona arroz behar ditugu astero. Makarroiak asten behin egiten ditugu eta 245 kilo erabiltzen ditugu", kontatu du. 

"Elikadura duina izatea oinarrizko eskubidea da edozein pertsonarentzat", esan du eta horregatik eurek boluntario lana egiten segitu ahal izateko herritarrei laguntza eskatu diete eta elikagaiak larunbatean eman diezaieten galdegin. "Dohaintzak ere egiten ahal dira zaporeak.eus webgunearen bidez", jakinarazi du. Fermin Artolari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!