LABek Nafarroako Gobernuari exijtu dio fiskalitatea alda dezala aberatsek gehiago ordain dezaten

Euskalerria Irratia 2024ko ira. 18a, 13:09

Fiskalitateari buruzko eztabaida sozial eta politikoa bultzatu eta baldintzatzeko asmoz, LAB sindikatuak antolatutako hitzaldi bat izan da gaur Iruñeko Txalaparta liburu dendan. LABek zerga-erreforma sakona aldarrikatu du, kapitalaren errentek eta dirutza handiek pribilegiatuak izateari utz diezaioten eta gainontzeko gehiengo sozialak bezalaxe ordain dezaten.

"Aldaketa sakona behar du gaur egungo zerga sistemak", azaldu du LAB sindikatuko Nafarroako koordinatzaile nagusi Imanol Karrerak. Hori hala dela argudiatu nahian hitzaldia antolatu du sindikatu abertzaleak Iruñean: Carlos Cruzadok, Los ricos no pagan IRPF. Claves para afrontar el debate fiscal liburuaren egileak, eta Mikel Aranburu Nafarroako Foru Ogasuneko kontseilari ohiak parte hartu dute. Nafarroako Gobernuari galdegin dio LABek aberatsenei zergak igotzeko eta langileen bizkar egotetik urruntzeko. 

Gastu sabaia handitu eginen du aurten Nafarroako Gobernuak, %2,4 eta Europatik ez ditu funtsik jasoko. Hartara LAB sindikatuaren ohartarazpena izan da murrizketak iritsi daitekezkeela: "Zergak igo ezean zenbait departamentuk murrizketak izan ditzakete heldu den urteko aurrekontuetan", esan du Karrerak. Imanol Karrerarekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!