Izargi Zumarraga (Baztango Osasun Plataforma): "Sendagilerik gabe gaude Elizondon"

Maialen Huarte Arano 2024ko ira. 16a, 11:46

Elizondoko osasun etxeko medikuaren bulegoan ez da medikurik izan gaur. Lehen eguna dute herrian sendagilerik gabe eta kezkatuta daude. Bizilagunak  Baztango Osasun Plataforman batzartzen hasiak dira eta asteazkenetan protesta egiten dute kalean egoera salatzeko. 

Sendagilerik gabe daude Elizondon gaurtik. Etorkizun hurbilean ez du ematen irtenbiderik izanen dutenik. Nafarroako Gobernuak mediku falta "orokortua" dela esana die Baztango Osasun Plataformako kideei. "Ez dakigu nora jo behar dugun egunotan medikuarenera eta ez dakigu noiz arte izanen garen egoera honetan", azaldu du Izargi Zumarragak Baztango Osasun Plataformako kideak. Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko zerbitzua eskaintzen du Elizondoko osasun zentroak: "Apiriletik aparteko lanorduei esker aritu dira zerbitzua eskaintzen, baina hori egiteari ere utzi diote profesionalek", esan du. Lantaldeko kideek erabaki dute ez dutela ordu gehiago lan eginen beste kideen oporrak eta bajak betetzeko. Larrialdiak artatuko dituztela diote, baina herritarrek ondoko herrietara joan beharko dute kontsultetan arta ditzaten. 

Asteazkenetan hasi dira protestak egiten Elizondoko osasun etxearen parean. Joan den astekoan 200 lagun baino gehiago elkartu ziren. Gaur ere jende andana batu da 11:30etan. Irailaren 25ean arratsaldean elkartuko dira bizikleta martxa egiteko herrian barna eta gero 19:30ean elkarretaratzea egiteko. Irailaren 29an 12:00etan manifestazioa eginen dute herriko plazan. Izargi Zumarragarekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!