‘Hemingway Iratin’ topaketak egingo dituzte igandean Aezkoan haren bisitaren mendeurrenean

Bidane Beloki Ezker 2024ko uzt. 24a, 13:34

Aezkoako Kultur Olak eta Nafar Ateneoak elkarlanean Ernest Hemingway omentzeko topaketa historiko-literarioa antolatu dute. Igandean, hilak 28, egun osoko egitaratua prestatu dute ezagutarazteko idazleak bisitatutako bazterrak eta egindako ekarpena. Izen ematea zabalik dago.

Aezkoako ibarrean izango da ‘Hemingway Iratin’ topaketa asteburu honetan, igandean, uztailaren 28an. Aezkoako Kultur Olak eta Nafar Ateneoak elkarlanean Ernest Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarrak Irati bisitatu zuen mendeurrena ospatu eta omentzeko topaketa antolatu dute. 

Duela 125 urte jaio eta duela 100 Nafarroako bazterretan ibili zen Hemingway Festa liburuak biltzen duen moduan. Festa zalea izan bazen ere eta sanferminak mundura zabaldu bazituen ere, Irati izan zuen toki kuttunen artean. Patxi Gaztelumendi Kultur Olako kideak eman ditu xehetasunak.

Bisitatu zuen toki horietako batetik abiatuko da hain zuzen egun osoko egitaratua. Burgete Hotela izan zuen etxe Hemingwayk eta hantxe eginen diote omenaldia goizeko 11:00etan. Ondoren, Auritz eta Orbaizeta arteko ibilbidea egingo dute eta bazkalostean, bi literatura solasaldi eta idazlearen poemen irakurketa antolatu dute.

Hemingway ez ezik Aezkoako biztanleak ere omentzeko eguna izango da. Bertako ohiturak eta gizartea ezagutzeko parada izango da igande honetako topaketa. Izen ematea zabalik dago eta labur.eus/Hemingway_iratin helbidean egin daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!