Ibañetako pasabideari buruzko hitzaldia eta Zalduako aztarnategirako bisita gidatua antolatu ditu Aranzadik egun hauetarako

Miren Mindegia 2024ko uzt. 18a, 13:07

Ostiralean Ibañetako pasabideari buruzko hitzaldia emanen du Zalduako aztarnategiko zuzendari Oihane Mendizabalek Aezkoako Kultur Olan

Ibañetako pasabidea, Nafarroako pirinioetan, mendien bi isurialdeak konektatu dituen bide historikoa izan da mende luzez. Bihar, ostirala, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta gai honen inguruko hitzaldia emanen du Oihane Mendizabal Zalduako indusketa guneko zuzendariak, Ibañetako pasabidea eta bere inguruak duela 2000 urte izenburupean. 19:00etan ezarrita dago hitzordua, Aezkoako Kultur Olan.

Aztarnategiaren zuzendariaren aburuz, "garrantzi handiko galtzada" izan zen Ibañeta zeharkatzen zuena, hain zuzen ere Pirinioetako bi aldeak konektatzen baitzituen. Bide honen bazterrean eraiki ziren gaur egungo herriekin ere antzekotasunak dituzten hiriak. "Bideak bizkarrezurra ziren, eta honen bi aldetan eraiki ziren Zalduakoa bezalako hiria, gaur egun Auritzek edo Auritzberrik eratu ziren modu berean".

Ostiraleko hitzorduaz gain, datorren larunbatean, uztailaren 27an, bisita gidatuak eginen dituzte Zalduako hiri erromatarrean, hain zuzen ere pasabide garrantzitsu honen bazterrean aurkitzen den aztarnategia. Bisitak euskaraz eta gazteleraz izanen dira eta ez da beharrezkoa aurretiko izen-ematea, aski da Kultur Olara agertzea bisita gidatuaren aurretik. Informazio guztia Arantzadi Zientzia Elkartearen webgunean aurkitu daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!