Estatu mailako Max antzerki sarietan nagusitu ondoren, Forever Erriberriko Antzerki Jaialdira iritsiko da ostiral honetan. Emanaldia 22:00etan izanen da, La Cava gunean, eta abuztuaren 4ra arte luzatuko den jaialdiaren 25. edizioa irekitzeko ardura izanen du.
Urruntze baten istorioa kontatzen du Forever antzezlanak. Hitzen beharrik gabe eta maskaretaz lagunduta, Kulunka antzerki taldearen lana familia harremanetan murgiltzen da, loturen apurketan, inkomunikazioan. Obraren sortzaileetako bat den Iñaki Rikartek azpimarratu bezala, "muturreko egoera batetik abiatuta, familia bat nola apurtu daitekeen ulertzen saiatzen gara, pertsonaiak epaitu gabe". Erriberrikoa "emanaldi berezia" izanen dela ere nabarmendu du, izan ere, lehenengo aldia izanen da antzezlana kalean eginen dena.
Dialogorik ezean, bestelako adierazpen artistikoak nabarmentzen dira Kulunkaren antzezlanean, hala nola aktoreen gorputz adierazpena, musika edota eszenografia, kutsu zinematografikoa ematen dion plataforma birakari batean garatzen dena. "Horrek trantsizioetan laguntzen digu eta kutsu poetiko bat ere ematen dio antzezlanari".
Forever Kulunka konpainiaren eta Madrilgo Zentro Dramatiko Nazionalaren, Bilboko Arriaga Antzokiaren eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren arteko koprodukzioa da, Rikarterekin batera Jose Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Carcamok sortutakoa. Emanaldirako sarrerak Erriberriko Antzerki Jaialdiaren webgunean eskuratu daitezke.