Ibilbide arrakastatsu baten eta hogei urteko ezkonaldi baten ostean, bi seme-alabekin, McKenzie Warkek bizitza erdialdeko krisi sakon bat izan zuen: emakume trans gisa atera zen armairutik. Gizartean zuen rola eta gorputzaren itxura aldatzean munduarekin modu berri batean harremantzen hasi zen. Trantsizioak bere oroitzapenak ere aldatu zituen. Haren bizitzako pertsona nabarmenei idatzi zien orduan eta bizitzako gai handiez gogoeta egin zuen: maitasunaz eta diruaz, sexuaz eta heriotzaz. Guzti hori liburu batean bilakatu zuen ondoren.
Orain, Estatu Batuetan bizi den idazle eta ikerlari australiarraren Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza. Memoria bat euskarara ekarri du lehenengoz Katakrak argitaletxeak, Danele Sarriugarteren itzulpenarekin. Sarriugartek azpimarratu bezala, Warkek trans bezala bizitako esperientzia propioa kontatzen du lan honetan: "Trans errealitateak ugariak dira eta garrantzitsua da esperientzia desberdinak kontatzea. Warken lan honek, beste egile trans batzuen lanarekin batera, hori egiten du. Cis begirada batetik, beharrezkoa da kontakizun hori egitea, gorputz okerraren errelatoarekin gelditu garelako. Eta askorentzat oso baliagarria izan bada ere, errealitatea anitzagoa da".
Desira, politika, estetika, gorputza, aldarrikapena eta raveen mundua, guzti hori eta askoz gehiago uztartzen da, gutunez gutun jositako liburuan. "Batzuentzat liburu hau izango da hausnarketarako bidea autokritikatik eta beste batzuentzat izango da hausnarketarako bidea askapen gisa, beren burua eta gorputza beste modu batera ulertzeko".
Maitasuna eta diura, sexua eta heriotza. Memoria bat liburuaren hitzatzea Jokin Azpiazu Carballok idatzi du.