Tafallak larunbatean hartuko du Erdialdeko Euskal Jaia. Festa hori iragartzeko sare sozialetan sekulako arrakasta izaten ari da Aitor Zabalzak ondu duen bideoak: Eskualdeko herrietako irudiekin egindako bideoa da eta jaian kontzertua eskainiko duen Rotten taldearen ‘Noain’ abestiarekin borobildu du. Dantzariak, erraldoiak edo zanpantzarrak ere ez dira jaian faltako. Euskararen arnasgune izanen da jaia eta elkargune ere bai. "Erdialdea saretzea eta euskararen aldeko jarrerak dituzten bizilagunen elkargunea izatea da xedeetako bat", esan du Haizea Lizarbe Agerraldia elkarteko kideak. Altafalla taldearekin batera ari dira larunbateko festa antolatzen.
Goizean hasi, goizaldean amai
Erdialdeko Euskal Jaia larunbatean izanen da, hilaren 25ean. Egitaraua 11.00tan hasiko da, irekiera ekitaldiarekin, plazan. Jarraian Tafalla zeharkatuko duen "kalejira erraldoia" prestatu dute Nafarroa osotik etorritako zanpantzarrekin, dantzariekin, erraldoiekin, gaitariekin, kiliki eta zaldikoekin, nafar laiariekin, landa inauteriekin, txistulariekin eta bandekin. 13.30ean erakustaldien txanda izango da. Plazan herri kirolak eta dantzak ikusi ahalko dira, Pasadizon Faltzeseko txalapartariek tailerra eskainiko dute eta Las Pulgas plazatxoan erraldoien dantzak eta Tafalla kantuz izango dira. Bazkaria 15.00etan izango da, plazan bertan, eta dagoeneko izena eman daiteke.
Bazkaria amaitu bitartean, 16.30etatik aurrera, haurrentzako Dindaia Fundazioak antolatutako Dindaikale jolasak egongo dira plazan. 18.00etan, bi aukera egongo dira. Batetik, Patxi eta Konpainiak eskainitako kulturen arteko ekitaldia, plazan bertan eta, bestetik, Garratz Arrasateko punk-rock taldearen kontzertua, Pasadizon. Jarauta 69 txaranga 20.00etan eta zezensuzkoa 21.30ean izanen dira plazan. 21.00etan hasiko dira Rotten XIII-ren, Zea Maysen eta Trikidantzen kontzertuak.
Haizea Lizarberi Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.