Nafarroaren Eguna ospatuko dute igandean Baigorrin

Bidane Beloki Ezker 2024ko api. 26a, 08:30
2021eko Nafarroaren Egunaren irudiak.

Goizetik iluntzera bitartean iraungo duen egitaraua antolatu dute Baigorrin. Familien txokoa, Nafarroako dantzarien desfilea eta musika izanen dira "kultura euskaraz egin daitekeela erakustea eta euskal sorkuntzari lekua ematea" xede duen ospakizun egunean.

Basaizea Elkartea hilabete osoa darama kultur ekitaldiak egiten eta igandean helduko diote egun handiari, Nafarroaren Egunari. Urtero legez, apirilaren azken igandean ospatuko da aurten ere, Baigorrin. Goizetik iluntzera bitartean iraungo duen egitaraua antolatu dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “folklorismotik haratago” aldarrikapen eguna ere izango da; euskararen zilegitasuna izanen dute aldarri. Xalbat Alzugaray antolakuntzako kideak adierazi moduan, "kultura euskaraz egin daitekeela erakustea, euskal sorkuntzari lekua ematea" da helburua.

Goizean goiz abiatuko dira ekitaldiak igandean eta 11:00etan Nafarroa osoko hainbat dantza taldek desfilea eginen dute, txistulari, gaitero eta txarangekin batera. 11:30etan ekitaldi nagusia abiatuko dute Elizako plazan eta bazkalostean musikaren tartean Belako taldea izango da oholtza gainean besteak beste.

Gainera, Baigorrira gerturatzeko autobusak antolatu dituzte Tafalla, Baiona, Maule, Donibane Lohitzune, Hazparne, Donapelu eta Iruñetik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!