Argitzen duten liburuak, Nafarroako Edizioaren VIII. azoka iragartzeko

Miren Mindegia 2024ko api. 22a, 17:47

Aintzane Huarte gazteak irabazi du Editargik antolatzen duen azoka iragartzeko kartel lehiaketa

Urriaren 23tik 27ra ospatuko da Nafarroako Edizioaren VIII. edizioa, Nafarroako argitaletxe independenteak biltzen dituen Editargi elkarteak antolatuta. Horren aurretik, azoka ibiltariak Nafarroan zehar hainbat geldialdi izanen ditu urte osoan zehar. Guzti hau iragartzeko Editargik bere lehenenego kartel lehiaketa jarri zuen iazko edizioan eta berriki iragarri du irabazlea: Aintzane Huarteren Argitzen duten liburuak afitxa. 

Epaimahaiaren iritziz, "sabaiko lanpara bihurtutako liburu baten irudikapenarekin, lerro erraz, soil eta argien diseinuarekin, non liburuak argitu egiten duen, irakurketaren, literaturaren eta, oro har, kulturaren beharrean jartzen da arreta. Metafora hori behin eta berriz erabili da liburuez hitz egiteko". Huartek berak azaldu digun moduan diseinu tradizional eta industrialari lotutako apustua ere bada kartela, azken urteotako kartelen estilotik urruntzen dena, ilustrazioari lotuagoak egon direnak. Produktuen diseinua ikasti du Huartek eta horrek ere afitxaren estiloan eragina izan duela aitortu du. 

Urriko azokara bidean, Editargiren azoka ibiltariak Nafarroako hainbat herri eta hiri bisitatuko ditu. Hala, joan zen astean Zangozan hasi zuen bidea eta asteburu honetan Corellara abiatuko da. Uda baino lehen, Viana (maiatzaren 5a) eta Leitza (maiatzaren 25a) izanen ditu geltoki. Uda ondoren, Elizondora, Lizarrara, Tafallara eta Altsasura itzuliko da. Azkenik, azoka Iruñeko Sarasate pasealekura iritsiko da urrian. Otazuk berak aurreratu duenez, dagoeneko egitaraua prestatzen ari dira eta nobedadeak ere izanen direla iragarri digu. 

Liburuaren Egunean, lehenengoz

Liburuaren Egunarekin bat eginez, Editargik karpa propioa ezarriko du bihar, apirilaren 23an, Sarasate pasealekuan bertan. Nabarmentzeko hitzordua, izan ere, lehenengo aldiz parte hartuko dute bertako editoreek orain arte soilik liburu-denden salmahaiak zituen azokan. Txalaparta, Igela, Pamiela, Alkibla, Mintzoa eta Eunate egonen dira bertan, Nafar argitaltxeen urteko uztako hoberena saltzen. 

Liebre de Corella en LinkedIn: #navarra #cultura #nafarroa #kultura # editargi

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!