Anari: "Jendeak disko honetako abestiekin konektatu duela sentitzen dut"

Miren Mindegia 2024ko api. 16a, 18:00

Atarrabiako Totem aretora iritsiko da Anari larunbatean 'Giza zarata' disko berriaren aurkezpen biraren eskutik 

Otsaila bukaeran Giza zarata plazaratu zuenetik atsedenerako tarte gutxi izan du Anarik. Gurean aitortu bezala, lan berri bat plazaratzeak ezinbestean dakarren promozio lana nekagarria suertatu daiteke. Baina gustoko aldapan nekerik ez, eta pozik dago azkoitiarra diskoak jendartean izan duen harrerarekin. Hare gehiago kontutan hartuta lan honekin arriskatu egin dela, leku berrietara eraman duten erabakiak hartu dituela, azalari buelta eman diola. Troiako zaldia-tik hasi eta diskoaren izen bereko abestiraino, lana osatzen duten 10 kantuek egungo gizartearen zauri eta minei erreparatzen diete, hondamendi intimoei zein naturalei, norberak eraikitako bunkerrei edo Glovo kutxa hori batean kabitu daitekeen giza ankerkeriari.

Anari berri bat baino, Giza zarata-n agertzen dena begirada berrituarekin datorren Anari bat da, intimotasunetik atera eta munduari so dagoena. Soinuari dagokionez ere erraietatik sortu nahi izan du, kantu bakoitzak eskatzen zionari men eginez. Paco Locoren estudioan grabatu du diskoa, berak erran bezala beharrezkoa zuelako ekoizle ospetsuak emanen zion zakartasuna. Horretan zerikusia izan du ere Joaquin Pascual musikariak, gitarrak, pianoa eta teklatuak sartzeaz gain moldaketak eta ekoizpena ere egin dituena. Andoaingo Garate Estudioetan bukatu da egostetik Giza zarata. Anarirekin, disko hau den giza miserien bidaian murgildu gara. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!