Gertatu zena gogoratzea begi irekiekin amets egitea bezala da. Hala dio Rodrigo Fresan idazleak eta hala dio Estefania de Paz aktore iruindarrak ere, Olvido Flores antzezlanaren sortzaile eta alter egoak. Duela 88 urte, Espainiako Gerra Zibilaren atzaparretan Lodosan desagertutako Anasatasini zirkuaren istorioa kontatzen du antzezlanak. Azti baten moduan erakusten dituen objektu eta irudien bitartez, magikoa den giro bat sortuz, Olvido Floresek bere azken agertokia izan zuen Lodosako zirkua biziberritzen du.
2023an estreinatu zen obra eta, orain, Reikiavik argitaletxeak liburu formatuan plazaratu du, elebiz eta antzezlana janzteko baliatu diren material sorta gehituz. Iruña Iriarte editoreak argitu bezala, "liburu polifoniko" bat da sortu dutena, betiere helburu gisa gerran desagertaraziak izan ziren bizitza horietako batzuk gogora ekartzea duena: "Gerrak sendatu ezin diren zauriak eragiten ditu, baina behintzat zauri horiek gogora ekartzeko balio baldin badu honek, ez da gutxi izango".