"Ez dut ulertzen ahal Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako jarrera, nahiz eta ez den edukietan sartzen, baina lasaitua hartu dut Hezkuntza Departamentuak errekurritu duela jakitean", esan du Maria Solana hezkuntza kontseilari ohi eta Geroa Baiko parlamentariak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. 2017an Skolae progrma aurkeztu zenean "eskuinak eta eskuin muturrak" gogor jo zuten haren kontra, eta Iruñeko ikastetxe erlijioso bateko zenbait familiak auzitara jo zuten. Ikastetxe guztietara ez dute eraman ahal izan programa, baina bai Nafarroako 284 ikastetxe publiko eta itunduetara, guztien %87etan, alegia. "Skolae 2017. urtean abian jarri zenetik ikastetxeetan lan egiten duten irakasle eta langile guztiei hezkidetza konpetentzia profesionala eman ahal izan zaie eta horrekin pozik naiz", jakinarazi du Solanak. Aitortzak ere jaso ditu hezkidetza programak, Unescorena kasu. Maria Solanari egindako elkarrizketa osorik entzuten ahal da argazkian klik eginda.